Igandea, 2013ko abenduak 29a.
Ospakizun hutsa
baino askoz gehiago.
Euskal
Selekzioaren urteroko partida edukirik gabeko festa huts bilaka ez dadin, ofizialtasunaren
bidean «urrats gehiago egiteko» eskatu zuen ESAITek, atzo antolatutako
manifestazio eta mendi ibilaldiaren bidez.
Gotzon Hermosilla. Bilbo.
Ume bat, Pagasarrin, ESAITen
ikurrarekin. 150 lagun igo ziren. / M. R. / ARP.
Ofizialtasunaren aldeko manifestazioa.
Kaleetan piztutako suziak itzaltzeko eskatu zuten antolatzaileek. / M. R. / ARP.
Euskal Selekzioaren partidaren abaroan, atzo Bilboko
kaleetara eraman zuen berriro ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak
ofizialtasunaren aldarria. Euskal Selekzioaren urteroko partidak azken urteotan
hartu duen jitearekin ez dago konforme ESAIT, eta eguna jai giroko ospakizun
hutsean gera ez dadin, ofizialtasunaren aldeko mezua kalean islatzea erabaki
du. Horren adibidea izan zen, partida hasi baino lehen, Areatzatik San Mames ingururaino
Bilboko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa.
Arriaga plazan abiatu zen manifestazioa, aurrean ESAITeko kideek Ofizialtasunerantz
urrats gehiago lelodun pankarta zeramatela. Atzean, milaka lagun, oso
gazteak gehien-gehienak, jai giroan, kantuan eta petardo hotsen artean. Suzi
gutxi batzuk ere ikusi ziren, baina antolatzaileak segituan zuzendu zitzaizkien
piztu zituztenei, horiek amatatzeko eskatzera. Pirotekniarik ez eramateko deia
egina zuten.
Kale Nagusi osoa bete zuen manifestazioak, Moyua plazaraino. Handik Bizkaia
plazara jo zuten, San Mamesetik gertu, ibilbidea ekitaldi txiki batekin
amaitzeko. Ia, ia, Euskal Herria izan zen gehien entzundako leloa,
independentzia eta ikurrinaren aldeko aldarriekin batera. Aitor Zabaleta eta
Ińigo Cabacas gogoratzeko oihuak ere egin zituzten manifestariek.
Manifestazioa ez zen ofizialtasunaren aldeko ekitaldi bakarra izan. Goizean,
Pagasarri mendirako ibilaldia antolatua zuen ESAITek, eguerdian gailurrean
bildutako guztiekin talde argazkia egiteko asmoz. 150 lagun inguru batu ziren
deialdira, eta argazkia egin zuten, ofizialtasunaren aldeko pankarta eta ikur
berdeak zituztela.
Garaitezinak,
bilgune berria.
Euskal Selekzioaren partidaren ingurumaria aukeratu du Garaitezinak izeneko
bilguneak bere burua aurkezteko. Euskal zaleak biltzen ditu aipatu
koordinakundeak «talde eta herrialdeen arteko norgehiagokak bukatu eta euskal
selekzioaren ofizialtasunaren aldeko eskaria indartzeko» xedez. Besteak beste,
Indar Gorri (Osasuna), Mujika Taldea (Reala), Iraultza 1921 (Alaves) eta Herri
Norte Taldea (Athletic) elkarteetako kideek osatzen dute Garaitezinak.
Partidaren bezperetan kaleratutako agirian diotenez, hainbat hilabete eman
dituzte «antolakuntza eta eztabaida» prozesu batean, eta prozesu horren
ondorioa da Garaitezinak. Aipatutako agirian, «euskal selekzioak
ofizialtasunaren bidean daukan geldialdia» gaitzesten du bilgune berriak, eta
dei egiten die euskal zaleei eskakizun horren aldeko lanean engaiatzeko.